COPGI-ren PODCASTAREN 3. ATALA - HAURREN MINBIZIA
publicado en Gipuzkoako PEO
Errealitate hori ezin dugu alde batera utzi, Euskadin urtean 100-150 kasu detektatzen baitira. Gipuzkoari erreparatzen badiogu, 30 bat haur-minbizi kasu berri tratatzen dira urtero, hori bai, biziraupen tasa altuarekin.
Gipuzkoako Psikologia Elkargoaren podcastaren hirugarren kapitulu hau, gaurtik (otsailak 12, astelehena), Elkargoaren webgunean zein Ivooxeko kanalean entzungai dagoena, Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunaren (otsailak 15) bezperan iritsiko da, eta gai horren inguruan sortzen zaizkigun zalantza nagusiei erantzungo die: prebalentzia, alerta-zantzuak, pazienteei eta haien familiei maila psikologikoan nola eragiten dien, zer esku-hartze psikologiko gomendatzen den eta etxean zein ikasgeletan nola kudeatu, besteak beste.
Gogoan izan Elkargoak Gipuzkoako gizartearekin duen komunikazio-bide berri honek leiho bat eskaintzen diola psikologiaren munduari, urtean zehar gaurkotasuna duten gaiak jorratzen baititu, formatu eskuragarri eta erosoan, eta aldi berean pertsona guztientzat ulergarria den moduan. Formatu honek informazio baliotsua eta jarraibide praktikoak eman nahi ditu psikologiako profesionalen laguntzarekin.