Bere ibilbide osoagatik eta Psikologiaren eremuari egindako ekarpenaengatik, 2023ko maiatzean Maite Garaigordobil Doktorea Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialeko Ohorezko kide izendatua izan zen.
Maite Garaigordobil Psikologiako doktorea, Psikologia Klinikoko espezialista eta Ebaluazio eta Diagnostiko Psikologikoko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ibilbidean zehar irakaskuntzan eta ikerketan aritu da, testuinguru kliniko eta hezkuntzazkoetan esku-hartze psikologikoarekin zerikusia duten gaietan, bai eta ebaluazio psikologikorako tresnak garatzen ere.
Haurren eta gazteen esku-hartze psikologikoaren esparruan, Garaigordobilek zazpi esku-hartze programa sortu ditu, garapen sozioemozionala sustatzeko eta indarkeria prebenitzeko eraginkorrak direla frogatu dutenak. Gainera, programa bat diseinatu du nerabezaroan eskolako jazarpena eta ziberjazarpena prebenitzeko eta murrizteko.
Ebaluazio psikologikoaren arloan, 38 neurgailu sortu ditu, autoestimua, emozio- eta jokabide-arazoak, portaera prosoziala, bullying-a eta ziberbullying-a, eta sare sozialekiko eta Internetekiko mendekotasun-arriskuaren arloen ingurukoak.
Irakaskuntza- eta ikerketa-jardueraren ondorioz, 34 liburu argitaratu ditu, baita hainbat liburu-kapitulu eta artikulu ugari ere Espainiako eta nazioarte mailako argitaletxe eta aldizkarietan.
Halaber, ikerketa-proiektu ugari zuzendu ditu Espainian eta nazioartean, eta gai hauek landu ditu, besteak beste: jolasa eta garapenari egiten dion ekarpena, gaitasun sozioemozionalak, bullying-a eta ziberbullying-a eta haurren depresioa.
Bere lan nabarmenari esker, Garaigordobilek sari ugari jaso ditu Espainian eta nazioartean. Horien artean, Hezkuntza Ikerketako Lehen Sari Nazionala nabarmentzen da, 1994an eta 2003an, Hezkuntza Ministerioak emana. Gainera, 2020an eta 2021ean, Stanford Unibertsitateko rankingean sartu zuten, munduko ikertzaile garrantzitsuenetakotzat.